Fontes Linguae Vasconum (Dec 2016)
Zozo zuriaren xerka: euskararen optatiboaren historia
Abstract
Munduko hizkuntza guztiek igurikimen eta desioak adieraz ditzaketen arren, soilik gutxiengo batek du funtzio horretarako flexio berezia aditzean, modu optatibo deitua. Orain arte, zubereraren deskripzio guztiek optatiboaren existentzia nabarmendu dute, ai(t)- aurrizkidun formen paradigmarekin. Euskara historikoan, hala mendebaldean nola erdialdean ere, halako formak lekukotuak dira, optatiboa behiala hizkuntza osoaren ezaugarria zelako frogantza. Lan honetan euskararen optatiboaren deskripzio diakroniko bat eskaini nahi dugu. Optatibozko formen lekukotza, eremua eta iraupena azterturik, ai(t)- aurrizkiaren jatorriaren gaineko hipotesi bat formulatuko dugu. Azkenean, igurikimen eta desioen gainerako adierazpideak aztertuko dira.